Language Selector

eseu

Nafarroako kanala - Obras Públicas

Breadcrumb

Canal de Navarra

NAFARROAKO UBIDEA

Proiektuaren datuak

Nafarroako Ubidearen abiapuntua Itoizko urtegitik ura hartzeko obran dago, Irati ibaiaren gainean eta Longidako udalerrian. Handik hegoalderantz jotzen du Ubideak, eta Foru Komunitatearen zati handi bat zeharkatzen du, Nafarroako erdialdera eta hegoaldera ura eraman eta Ablitas udalerriko Lor aintziran amaitu arte.

Lehenik, Agoitzaldeko iparraldeko ertza igarotzen du; eta, jarraian, Alaizko mendilerroan zehar, Iruñerriko hego-ekialdeko ertzera pasatzen da. Behin Iruñerritik kanpo, hegoalderantz egiten du Nafarroako Erdialdean barrena, Alaitz eta Uxue Mendilerroen mendebaldeko mendien artetik.

Hegoalderantz doan neurrian, Aragoi ibaiaren ibarra zeharkatzen du Ubideak, bai eta Errege Bardearen ipar-ekialdeko muturra ere. Orduan sartuko da Tuterako Erriberan Ebro ibaira heldu eta berau gurutzatzeraino. Eta norabide berean eutsiko dio Ziertzo Mendiak ekialdetik mendebaldera inguratzeko. Ziertzo mendiak iragan ondoren, hegoalderantz jarraituko du, esan bezala, Lor aintziran bere bidea burutu arte.

Hona hemen Ubidea eraikitzeko helburu nagusiak:

  • 59.160 Ha. ureztagarri bihurtzea.

  • 350.000 biztanleri baino gehiagori hiri- eta industria-hornidura ematea. Alegia, Nafarroako Foru Erkidegoko % 60ri.

  • Energia elektrikoa sortzea, Nafarroako Foru Erkidego osoko energia-kontsumoaren % 6,5 hain zuzen.

Horretarako, Itoizko urtegitik 416 Hm3 ur hartzeko baimena du.

Azpiegitura hori eraikitzeko eta ustiatzeko, Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak “Canal de Navarra S.A.” izeneko estatu-sozietatea sortu zuten 2000ko urtarrilean. Estatuaren parte-hartzea % 60koa da sozietate horretan; Nafarroako Gobernuarena, aldiz, % 40koa.

Plangintza egiterakoan bi fasetan banatu zuten eraikuntza. Lehen fasea, Itoiztik abiatu eta Aragoi ibaiaren ingurura iritsiko zen. Bigarrenak, Erriberako Eskualdeko premiak asetzeko asmoz, Aragoi eta Ebro ibaiak zeharkatu eta Ablitasen amaituko zuen bidea. Beranduago, lehen fasea luzatzea erabaki zen Ega eta Arga ibaien premiei erantzun ahal izateko.

Ubideak, hasierako diseinuan, 45 m3/s garraiatzeko gaitasuna zuen, emari hori gutxitzen joanen zelarik premiak asetu ahala. Behin obra amaituta, 198 Km luze izanen da guztira. Haietako 98 Km lehen faseari dagozkio; 21 Km, lehen fasearen luzapenari; eta gainerakoak bigarren faseari.

Ubideak baditu tarteko hainbat erregulazio-baltsa: hiru lehen fasean (Billabeta, Elo eta Artaxoa) eta bestea bigarrenaren hasieran (Pitillas). Guztira, 8,65 Hm3 ur pilatzen ahal dituzte. Bidean 9 tunel, 12 sifoi eta 2 akueduktu igarotzen ditu Ubideak.

Obren barruan bi zentral hidroelektriko ere sartzen dira: Pie de Presa de Itoiz ZHa (30 m3/s-ko emaria, 100 metroko jauzia eta 28,4 MW-ko potentzia); eta Toma de Canal ZHa (45 m3/s-ko emaria, 50 metroko jauzia eta 20 MW-ko potentzia).

Gaur egun burututa daude lehen faseko lanak. Eta, ondorioz, 22.363 Ha. bihurtu dira ureztagarri. Nafarroako Gobernuak, emakida-konkurtso bidez, bere gain hartu du ureztapena banatzeko sarearen proiektua, eraikuntza eta ustiapena lehen fasean. Horrez gain, lursailak hornitzeko inbertsioetan laguntza eskaini die beren jabeei.

Era berean, Iruñerriko, Mairagako eta Urrozko mankomunitateak hornitzen ditu urez.

Aurreikusitako bi zentral hidroelektrikoak ere bukatuta eta martxan daude jadanik.

 

ELehen fasean 9 tunel eraiki dira, guztira 15 Km-ko luzera dutenak. Bai eta 23 Km-ko luzera duten 6 sifoi eta aurrez aipatutako hiru erregulazio-presa. Bestalde, kontrol-eraikin bat egin da Artaxoako presatik hurbil. Eta trazaduraren zati bat automatizatzeari ere ekin zaio, ustiapena errazteko eta ubideak ur eskaria hasieran pentsatu bezala asetzeko.

2009ko maiatzean inauguratu ziren eremu ureztagarriaren IV.1, IV.2, IV.3 eta IV.4 sektoreak. Horrela, Nafarroa Erdialdeko 7.263 hektarea ureztatu ziren, hain zuzen ere Berbintzana, Faltzes, Larraga, Miranda Arga, Erriberri eta Tafalla herrietakoak.

Nafarroak eta Estatuak Nafarroako Ubidearen azalera ureztagarria % 11,4 handitzea erabaki zuten 2012ko uztailean

Nafarroako Ubidearen Jarraipen Batzordeak 2012an onartu zuen proiektuaren lehen faseko azalera ureztagarria handitzea eta bigarren fasearen diseinu eguneratua.

Batzordeak hartutako akordioei esker, hasierako proiektuko 53.125 hektareatatik 59.160 hektareatara pasatu da Nafarroako Ubideak ureztatzen ahal duen eremua. Alegia, %11,4 egin du gora. Eta hori guztia 340 Hm3-tan finkatutako emakida-emaririk handitu gabe. Lehen faseak, amaitua jadanik, 22.363 hektarea ureztalur bihurtu zituen. Haren zabaltzeak, berriz, 15.275 hektarea gehiago bihurtuko ditu ureztalur Arga eta Ega ibaiertzetan. Ureztatzeko teknika berrien aurrezpena egiaztatu ondoren onartu zen azalera ureztagarria handitzea, izan ere, hasieran aurreikusitakoarekin alderatuta, ur gutxiago kontsumitzeko aukera ematen baitute teknika horiek. Lehen fase horretan 5.000 metro kubiko ur ureztagarri kontsumitu daiteke hektareako, hau da, Ebroko Ur Konfederazio Hidrografikoak ezarritakoa baino gutxiago (6.400 metro kubiko hektareako). Bide batez, beste gauza bat ere hartu behar da kontuan: Ega eta Arga ibaien behe-tarteetako interes soziala, Nafarroako Ubideak presio naturalaren bidez ureztatzeko interesa hain zuzen.

NAFARROAKO UBIDEA.- 2. FASEA

Nafarroako Ubidearen bigarren faseak beste 21.522 hektarea ureztagarri ekarriko ditu.

Kontratua INGIOPSA INGENIERIA, S.L. - EPTISA, SERVICIOS DE INGENIERIA, S.L. ABEEari esleitu zitzaion 2018ko martxoaren 14an. Eta 16 hilabeteko epea izanen du proiektua egiteko.

Canal de Navarra (CANASA) estatuko merkataritza-sozietatearen Administrazio Kontseiluak, Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen partaidetzarekin, 1.146.685 euroko (BEZa barne) esleipena onetsi zuen, bai eta 16 hilabeteko epea ere proiektua egiteko.

Epe horren barruan, lehen sei hilabeteen buruan zehazki, alternatibei buruzko ikerlan bat idaztea adostu zen. Ez hori bakarrik. Azterlan horrek Nafarroako Gobernuak idatzitako Aurreproiektua eta azterlanak hartu behar zituen kontuan.

Jardueraren bidez, 21.522 hektarea ureztatu ez ezik, Nafarroako Erriberako hainbat tokitako etxe- eta industria-hornidura hobetu nahi da. Horrela beteko da Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak hartutako konpromisoa, Nafarroako Ubidea handitzeko proiektua osatzekoa. Eta, bide batez, Erriberako egungo eta etorkizuneko eskaerei erantzunen zaie, hala ureztaketarekin lotutakoei nola ordainketarekin lotutakoei.

Ubidearen bigarren fasean hodi bat eraikiko da, 70 kilometroko luzera eta 20 m3/s-ko jatorrizko emaria duena. Pitillasko egungo ubidetik abiatuta, Ablitasen bukatuko da hodia. Horrez gain, ubide nagusitik adar bat aterako da Alhama ibaiaren eremua ureztatzeko. Adar hori Cintruénigo eta Corella artean bukatuko da.

Trazaduran 11 hartune egiteko asmoa ere agertzen da proiektuan. Hartune horien helburua trazadurako lursailak ureztatzea da. Bi erregulazio-putzu ere eginen dira, bata jatorrian, Pitillasen, eta bestea amaieran, Ziertzoko Mendien inguruan (Tutera).

Alternatiba egokia hautatu ondoren, INGIOPSIA / EPTISA ABEEak eraikuntza-proiektua idatzi beharko du; eta, aldi berean, hautatutako alternatibaren arabera, egokitu eta eguneratu eginen dira bigarren faseko eremu ureztagarriaren azterketa ekonomikoak. Azterketa horiek erabiltzaileei helaraziko zaizkie.

Aplikazio habiaratuak

Carrusel Canal de Navarra

Enlace Canal Navarra 1