Language Selector

eseu

Hitzaurrea - Obras Públicas

Aplikazio habiaratuak

Carrusel Introducción

Introducción

Hitzaurrea

2005eko uztailaren 15ean, Ministroen Kontseiluak Azpiegituren eta Garraioaren Plan Estrategikoa (PEIT) onetsi zuen erabaki bidez. Azpiegitura- eta garraio-politika berri baten barruan, eta politika ekonomikoaren eta sozialaren tresna diren aldetik, azpiegiturak ezinbesteko euskarriak dira PEIT planarentzat, hain zuzen ere, herritarrei kalitatezko garraio-zerbitzuak eta, batez ere, zerbitzu seguruak eskaintzen dizkietelako. Horrez gain, garapen ekonomikoa eta gizarte- eta lurralde-kohesioa bultzatzeko tresna eraginkorrak ere badira azpiegiturak.

Politika horri egonkortasuna emanen dion esparru global eta koherentea eratzeko, jarraibide batzuk definitzen ditu Planak. Epe ertain zein luzera (2005-2020), eredu horiek funtsezkoak izanen dira Estatuaren eskumeneko azpiegituretan eta garraioan aritzeko.

Plana onetsi ondoren, Trenbide Garraioaren Plan Sektoriala garatu zen, eta bere baitan daude prestazio altuko korridoreak.

 

Nafarroako Gobernuak apustu sendoa egiten du salgaiak eta bidaiariak ibilbide luzeko trenbidez garraiatzearen alde, eta, ondorioz, eskualdeko eta tokiko garraioa errepideetara bideratzearen alde.

Apustu horrek badu helburu jakin bat: Nafarroako azpiegiturak Europako bide- eta trenbide-ardatzetan sartzea. Izan ere, gure kokapen geografikoa kontuan hartuta, garapen zentroetara eta Europako erdialdeko eta ekialdeko merkatuetara iritsi behar du Komunitateak. Eta garraiobide jasangarrien eta lehiakorren bitartez egin behar du hori.

Era berean, prestazio altuko trenbideen sare estrategiko bat sortu nahi da, Nafarroa eta inguruko eskualdeak modu seguru, azkar eta ekonomikoan lotuko dituena, alegia, bide emanen duena gure lurraldea egituratzeko, lehiakortasunari eusteko eta Nafarroaren etorkizun ekonomikoa bermatzeko.

Lehenik eta behin, hona hemen zein den egoera, Estatuaren plangintza orokorrak Nafarroan dituen trenbide-proiektuena:

  1. Sustapen Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak, 2002ko abenduaren 12an, Abiadura Handiko Nafarroako Korridorea 2010a baino lehen eraikitzeko konpromisoa hartu zuten Garraio Azpiegituren arloko Lankidetza Hitzarmen Orokorrean.

  2. Sustapen Ministerioaren Azpiegituren Plan Estrategikoak (PEIT) ere Abiadura Handiko Nafarroako Korridorea eraikitzea aurreikusten du Castejon eta Euskal Y-aren artean. Trenbide horrek nazioarteko zabalera eta prestazio altuak izanen ditu, eta salgaien eta bidaiarien trafiko mistorako erabiliko da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babesa eman dio Estatuko plangintzak zehaztutakoari, hau da, Abiadura Handiko Nafarroako Korridorea bide bikoitzean eta merkantzien zein bidaiarien trafiko mistorako eraikitzeari.

Era berean, Iruña-Euskal “Y” tartea ere ezinbestekotzat jotzen du Nafarroako Foru Komunitateak. Ez soilik Garraioaren Trenbide Sare Nazionalarekin lotzea probetxugarri delako, baizik eta Europako Sarearekin konektatzeak ere helburu izan behar duelako. Aintzat hartu behar da, Irun eta Madril lotzeko biderik laburrena izaki, Nafarroako korridorea dela Europar Batasuneko Garraio Politikaren printzipioak betetzeko modurik naturalena. Alegia, herrialde mugakideen arteko garraio-sareetan integrazioa bultzatzeko modurik onena.